XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZIBELES

Lurgloboaren baztertxo hartako hartzulo batetan mila margotako tximeletak bizi ziren.

Arratsaldero haur-talde bat biltzen zen inguru hartara.

Hantxe pasatzen zituzten orduak, ipuinak esaten, tximeletei begira eta inguruak aztertzen.

Egun batetan hartzulora sartzea erabaki zuten.

Hartzulo barre-barreneko iluntasunean eta arrailadura batetatik sartzen zen argitan bildurik irudi zuri-zuri bat ikusi zuten , ilunpe hartan airean balego bezelaxe.

Bi lehoik zeramaten karroza batetan zutik zihoan emakume eder bat zen .

Toki ezberdinetatik begiratuz harrizko, marmolezko edo diamantezko itxura hartzen zuen.

Bera geldi-geldi zegoen karroza hartan, jantzi zaharrak puskaturik eta zikindurik, begiak hutsunera begira galdurik eta goroldiozko malko luzeak ateratzen zitzaizkiolarik.

Malkoak lurreraino iristen ziren eta inguru guztia tertziopelo berdez edo botila kolorez edo felpa berde-ilunez estaltzen zihoan.

Lehoi haiek ahul itxura zuten eta nekaturik zeudela zirudien.

Harrizko ilekizkur haietan armiarmek sarea egin eta sarea egin ziharduten.

Haur taldea inguratuz zihoan.

Liluraturik zeuden denak.

Neskato batek, isilunea hautsiz, honela galdetu zuen:

- Nor zaitugu ?.